|
|
|
ALMARIAREN EGUNA 2010 / URREZKO ALMADIA
ITXAKO ESKUBALOI TALDEA
ITXAKO |
|
|
ASPEKO IBARRA
ALMADIAK ASPE IBARREAN
Geografikoki hurbil egoteagatik, Nafarroako Pirinioetako ibarrek bat egiten dute Aragoi ibaiari esker; eta hortik aurrera Ebro da batzen gaituena “navatak” eta “raiak” gidatzen dituztenekin, hau da, aragoiar eta kataluniarrekin. Guztiak gara Pirinioetako seme-alabak. Gure ibarretako ur-ibilgu garaienetatik beheiti etortzen ziren almadiazainak, urtzaldia aprobetxatuz. Beti ibaian beheiti, beti aurreran. Logika hutsa.
Gaur egun, ordea, almadien Pirinioetako bokazio hori aintzat hartuta, atzera begiratuko dugu, kontrako alderantz. Harritu eginen gara, dudarik gabe, jakitean han, hain zuzen ere beste aldean, hemendik begiratuta ikusten dugun toki hartan, saiaren hegaldia eta hartzaren paseoak partekatzen ditugun alde horretan, hantxe, Aspeko ibar biarnotarrean, garai batez egurra ibaian beheiti baltsetan jaisteko tradizioa egon zela.
XVII. mendeak ibar horretako almadien garaiaren hasiera markatu zuen. Estatu frantziarrak begiz jo zituen hango basoak Erregearen itsas armadari lagundu behar izan zionean, haren flota ere zabalduz. Mendi horietan baziren zuhaizti paregabeak, tamaina handiko arbolak, mastak egiteko ere erabil zitezkeenak... Eta horri erantsi behar zitzaion Baionako portua hurbil zela, masta mordo hori guztia hartu eta berriz bidaltzeko gaitasuna zuena. Eta zuhaitzaren eta portuaren artean ibaia zegoen, eta hura nabigatzeko gai egitea ere bazegoen. Adibidea mugaren beste aldean zuten.
Horrela, 1677an, Luis XIV.ak eta haren ministro Colbertek Aspeko basoen ustiapena bultzatu zuten eta, ondoren, Ossauko basoena. Hura 1720. eta 1750. urteen artean eten egin zen, ondoren Luis XV.aren garaian bere gorena jotzeko. Garai hartatik oraindik edonor harritzeko moduko aztarna gelditzen zaigu; hain zuzen ere, arrokan zulatutako bideaz hitz egiten ari gara, 900 metroko garaieran eta pikotxarekin egina; Sescoueko zintzurren gainetik. Horren bitartez, Pacq d’Etsauteko basoko egurrari ateera ematen zitzaion idiak erabiliz.
Oso egur ona behar zuen izan arroka hutseko pareta horretan bide hori irekitzeak merezi izateko. Oso ona behar zuen izan garai hartan Aspeko ibai harroa almadientzako ibilgu nabigagarri bihurtzeko lan eskerga hartzeko. Eta oso onak eta harroak ere behar zuten izan baltsak ur etorri horietan barrena gidatzeko gai izanen ziren gizonek, zenbaitetan baita 29 km/h-ko abiaduran ere. 6 eta 12 lagun bitarte zihoazen almadia bakoitzean, bidaia bizkor horretan txandak egin ahal izateko.
Lehenbiziko jardunaldian, otoitz eta erregutan arima Athasi gomendatu eta gero, Nabarrengosera ailegatzen ziren. Bigarren jardunaldian Peirahoradaraino. Hirugarren egunean Baionako portura ailegatzen ziren jada, eta han harrera egiten zieten almadiazain ausartei. Urte haietan, nonbait batez beste urtean 300 almadia inguruk egiten zuten Les Athasetik Baionara bitarteko ibilbidea; eta handik mastak Rocheforteko, Bresteko edo Touloneko portuetara igortzen ziren, han barkuentzako mastadi bihurtzeko.
Gaur egun, hori guztia jada historia den une honetan, Aspeko ibarrak urratsa egin du bere ondare historikoaren zati hori berreskuratzen saiatzeko. Lehenik eta behin, Maria Teresa Labartheren tesiaren argitalpena izan zen; ondoren, 1992an, Brestetik etorritako ekimena, “Recouvrance” belaontzia berreraikitzeko Issaux basoko izeiekin; horren guztiaren ondoren, inertzia hutsez, Radeleurs du Gave d’Aspe et de Oloron (ABERGAO) Elkarte biarnotarraren sorrera etorri zen. Haratago ere joan dira, eta Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartearen lankidetzarekin azken urte hauetan almadiek Aspe ibarreko ibaietan beheiti egiten dituzten ibilbideak errealitate bihurtu dira berriz ere.
Horrela, bada, aurten, Burgitik, gure auzokoak egiten ari diren ahalegin hori aitortu nahi dugu. Urrezko Almadia emanez aditzera eman nahi diegu haien lanak gure txaloa merezi duela, eta haien adiskidetasunak eta beti egiten diguten harrera onak benetan merezi duela Pirinioetako gizon eta emakumeon anaitasunezko besarkada hau.
|
|
|
|
|
|
| Asociación Cultural Almadieros Navarros • Plaza de la Villa 1, 31412 Burgui (Valle de Roncal, Navarra) • Tel/Fax: 948 477153 • |
|