<CASTELLANO>  


Ibilbidea almadiatik beratik hasten da eta garraio sistema honen jatorriaren bila abiatuko gara, hots, egurraren bila. Egurra baliabide naturala eta denon ondarea da, Erronkaribarko jendeak ongi baino hobeki zaintzen, mantentzen eta babesten jakin izan duen gaia, alegia. Pinu gorri eta izei zuriko egurra erabiltzen da.

Ibilbide honek egurra eta bere erabilerari buruzko zenbait datu interesgarri emanen dizkigu, hala nola, lehen nola lantzen zuten eta egun nola egiten duten, gizakiaren zein naturaren mesederako harremana gogoratuz,...Gauza berriak eta era berri batean -isiltasunean eta entzunez, ukituz, usainduz, gozatuz, ... - ezagutu nahi dituztenei zuzenduta dago ibilbide hau.

Ibilbideak 6 kilometroko luzera du eta hasten den tokian amaitzen da. "Elurra eta basoa, ura eta egurra, Eska ibaia eta almadia" izena du eta Basariko izeidian barna igarotzen da. Bi orduko ibilaldi honetan ura eta egurra almadian uztartzen dira; bi orduko ibilaldi honek almadiaren jatorriaren bila eramanen gaitu.

Eskuko foileto batean ibilbide osoa azaltzen zaigu. Bidean zehar mugarri zenbakidunak daude. Zenbaki bakoitza foiletoan agertzen diren paragrafo bati dagokio. Testuari esker, ibilbideak ezkutuan gordetzen dituen sekretuak agerian utziko dizkigu. Foileto hauek Burgiko Almadiaren Museoan eta Erronkariko Naturaren Interpretaziorako Zentroan eskura daitezke. Bi zentro hauek ere kontuan hartzekoak dira almadiaren inguruan sakondu nahi baldin badugu.

Ostadar

Itzulpena: Jone Usoz
Erronkari eta Zaraitzuko Ibaxen Batzordeetako Euskara Zerbitzua


Askotan esaten da herri baten jatorria eta historia ezagutu gabe, ezin dela ulertu herri horretako egungo bizimodua. Almadiaren Eguna Burgin ospatuz, herri honetako almadiazainen lanbide latz honen jatorria eta iragan hurbila ezagutzera eman nahi dugu, almadia egungo identitate-ikur bilakatu baita.

Helburu bera lortu nahi du Basariko izeidian barnako ibilbideak. Azken finean, ibilbide hau eginez gero, oro har Erronkaribar eta bereziki Burgiko identitatearen ezaugarrietariko baten jatorria hurbil-hurbiletik ezagutzeko aukera izanen dugu, hots, almadiak ezagutzeko aukera .